Oihenarten atsotitzak eta gaurko fraseologia
Abstract
Oihenartek bildu zituen atsotitzen bilduma (1657) bietan da garrantzi handikoa: behin, euskal paremiologiaren historian oinarrizko obra delakotz, Vinsonek jadanik erran bezala; eta bestalde, bere olerkien hontzeko tresneria atsotitzetan esprabatu zuelakotz, J.B Orpustan erakusten ari den bezala. Hain zuzen hizkuntzaren aldetik, atsotitzetan entseatu formak arrabaliatzen ditu bere olerkietan, eta nozioen aldetik ere, atsotitzetan tinko tinko bildu egoera edo gogoeta zonbait garatu ditu nasaikiago olerkietan. Garrantzitasun bikun hori ene lanak ez du ikertuko baizik eta azken bulta honetan dudan arrangura zonbait azalduko. Euskal Herriko Hizkuntz-Atlasa bururatu asmoz, gaurko ahozko euskarazko ekiaren biltzearekin, lexikoaren jasotzean fraseologia ahalaz ez dela bazter utzi behar pensatzen baitut, gertatzen zait ardura jende xeheen ahotik esaerak entzutea. Oihenarten atsotitzen arana gaur entzun daitekeenetz ikertu nahi izan dut Oztibarreko lurretan bildu fraseologiatik abiaturik. Oztibarre zergatik? Ez eta Oihenartek Oztibarren zituzkeen lotura eta ezagunengatik: halere badakigu Zibitzen sortu bere emazteari esker «juge-jugeant» izendatua izan zela Oztibarren bainan azaleko datu horrek Oztibarre-ren hautatzera ez nau bultzatu. Arrazoina xumeagoa da: inkesta andana bat Oztibartarrekin egitea gertatu zait eta han bildu dudan fraseologiaren nolazbait Oihenarten altxorraren item zonbaitekin konparatzea interesgarri iduri zait. Ba ote da Oihenarten garaiko atsotitzik gaurregun ere bizirik denik?
Origin | Files produced by the author(s) |
---|